Aurkezpena (Euskara)

1989an sortua, LAPURTARRAK abesbatza mistoak Uztaritzen du bere sorburua. Herri hau da Lapurdiko hiriburu historikoa, probintzia hau delarik Ipar Euskal Herria osatzen duten hiruetako bat.

Koru honen errepertorioa kalitate handikoa eta  anitza da. 1999tik 2016ra, Baionako kontserbatorioan moldatua izan den Marylis Daguerre soprano eta koru zuzendariaren gidaritzapean egona da. 2016ko bukaeran Marylis-ek Yves Panizzoliri pasatu zion lekukoa, hau ere koru zuzendari gisa Baionako kontserbatorioan fomatua , eta bestalde, txistulari suharra, eta tresna-joile ezagutua.

Berrogeita hamar bat emazte eta gizonez osaturik, gure abesbatzaren nahia da euskal ondare musikalaren zaintzea, bere melodia tradizionalen edo sorkuntza garaikideen bidez. Abesten ditugun piezetan aurkitzen dira ere obre klasikoak nahiz nazioarteko folkloretik datozenak, Eguberriko errepertorio berezia ahantzi gabe. Azken honen kasuan, kantu batzuk organoaz lagundurik ematen ditugu. Halaber, gure interpretazio batzuk euskal musikaren tresna tipiko batzuez lagunduak izan daitezke, hala nola txistua, danbolina, gaita edo alboka.

Gure abesbatza euskal kulturaren ezagutaraztera leahiatzen da Frantzian eta atzerrian aurketzen dituen kontzertuen bidez… Publikoa eskertzen dugu guregana etortzeaz, zuen leialtasuna baita gure saririk hoberena…